XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

John Stuart Millen obran badu eraginik positibismo frantsesak, zehazki Comterenak, 1853an itzuli baitzuen honen obra E. Martineauk The Positive Philosophy of A Comte izenarekin; hala ere, badirudi gehiago hartzen duela Benthamen etika utilitaristatik, Baconen logika induktibotik eta bere aitak hasitako psikologia asoziazionistatik.

Ikuspegi positibista eta liberalean oinarritzen zen aldetik, razionalismoa, metodo enpirikoa, demokrazia eta berdintasuna goraipatzen zituen; ikuspegi utilitarista irizpidetzat zeukan aldetik, berriz, erlijioa, egia intuitibo, dogmatiko eta, beraz, demostraezinetan sinestea gaitzesten zuen.

J. Stuart Millek ez du lantzen modu zehatz eta sistematiko batean hezkuntzaren arazoa.

Honen obra orokorraren barruan, zeharka bakarrik agertzen dira hezkuntzari buruzko pasarteak.

Eta hezkuntza zer den esatera pasatzen denean, bi definizio-mota eskaintzen ditu: bata orokorra, Durkheimek testuan dakarrena, hain zuzen, eta bestea kultur transmisiora bakarrik mugatzen dena, honela dioena: Hezkuntza da belaunaldi bakoitzak bere ondorengoari ematen dion kultura, egin diren aurrerapenen emaitzak gorde eta, ahal bada, areago eraman daitezen (Capitán Díaz-ek aipatua, op. cit.., 56).

Hezkuntzak hiru ezaugarri hauek bete behar ditu osatua izan dadin: a) jakintza praktikoa eman behar du izakeraren zientziaz diharduen etologiatik eratorritako printzipio orokorrak zirkunstantzia jakin eta partikular bakoitzean egokitasunez, bakoitzaren izateko eta obratzeko moduari dagokionez, alegia, aplikatu ahal izateko (Sistema de la lógica, 2 vols., Madrid, 1917); b) sentimentu altruista eta sozialak garatzeko tresna izan behar du, norberaren zoriona eta besteena lor dadin, eta horixe da utilitarismoari ematen dion esanahia (El Utilitarismo, Buenos Aires, Aguilar, 1980); c) norberarekiko nahiz besteekiko obligazioak betetzeko gaitasuna eman behar du, askatasunean jokatuz, eta honen ardura familiari dagokio, eta subsidiarioki bakarrik Estatuari (Sobre la libertad, Madrid, Alianza, 1970).

Inmanuel Kant (1724-1804) Konigsbergen (Prusian) jaio zen, bertako burgeseria txikiko familia batean.

Herri bereko Unibertsitatean filosofia eta zientziak (fisika eta matematikak) ikasi zituen eta, unibertsitate-ikasketak 1746an bukatu ondoren, leku berean Privat-dozent gisa erakutsi zuen 1756-1770 epealdian zehar.

Berak nahi zuen katedra, logika eta metafisikakoa, 1770ean lortu zuen, hamaika kostata.

Pedagogia gai osagarri gisa bakarrik erakusten baitzen Konigsbergeko Unibertsitatean, Kantek zeharka baizik ez zuen landu, eskolak emateko alegia.

Horregatik, Kanten izenarekin datorren Pedagogia liburua, izan, Friedrich Theodor Rink ikasleak hartutako apunte-sorta da, argitara 1803an eman zuena, beti ere irakaslearen oneritziarekin.

Kanten pedagogi ikusmoldea ulertzeko, ohar batzuk egin dira.